berria.info

Igandea, 2012ko urriak 7a.

Lan zailak faboritoentzat.

Fabiano Caruana buruan dela, xakeko maisuen finala jokatuko da bihartik larunbatera bitartean Bilbon.

 

Josu Tornay.

 

Irailak 24tik 29ra jokatu zen Sao Paulon (Brasil) Grand Slameko finalaren lehen zatia. Magnus Carlsen norvegiarra zen finalerako sailkatuen artean faborito nagusia. Munduko lehena da FIDEren sailkapenean, eta azken urteotan talentu handiena duen xakelaria da. Levon Aronian munduko bigarrenarengandik asko espero zen, eta, noski, baita Viswanathan Anandengandik ere. Munduko txapelduna nahiko atzean dago sailkapenean, laugarren postuan, baina oso jokalari sendoa da indiarra. Hala ere, Fabiano Caruana italiarrak eman zuen ezustekoa Sao Paulon.


20 urte dauzka Caruanak, eta azken bi urteotan 200 puntu elo inguru igo du. Munduko hamar onenen artean kokatu da jada, eta Sao Paulon erakutsitako jokoa aztertuta, badirudi gorago ere iritsiko dela. Italiarrak lehen txandan bertan erakutsi zuen bere maila, partida luzean Carlsen faboritoa gaindituta. Bigarren txandan Sergei Karjakin gainditu zuen, eta gutxigatik ez zion irabazi gero Anandi, hirugarren txandan. Berdinketarekin konformatu behar izan zuen azken lehia horretan, berdinketa onarekin. Laugarren partidan Francisco Vallejori irabazi zion, eta bosgarrenean berdinketa bikaina eskuratu zuen Aronianen aurka.


Bilbon erronka zaila izango dute ustez faborito direnek. Abantaila polita dauka italiarrak, eta ziurrenik ez du asko arriskatuko. Carlsenek eta Aronianek arriskatu beharko dute, eta hori kaltegarri izan daiteke, agian, eurentzat. Atzerago, Anandek, Vallejok eta Karjakinek oso aukera gutxi daukate gora egiteko. Azken postua saihesteko erronka izango dute. Halere, Bilbon erabiltzen den puntuazio sistema kontuan edukita, edozer gauza gerta liteke. Garaipenek hiru puntu balio dute, eta berdinketek, bakarra. Beraz, atzetik doazenek garaipenen bat lortuz gero, lidergoa galtzeko lehen pausoa izan daiteke berdinketekin segurtasuna bilatzea. Bestalde, Sofia arauaren eraginez, zailagoa da berdinketa lasaien estrategia; epaileak bakarrik erabaki dezake partida berdinketaz amaitzea. Adi ibili beharko du, beraz, Caruanak.


Gaur hasi eta hilaren 13an amaituko da Grand Slameko finalaren bigarren zatia, eta Bilboko Alondegian jokatuko da, hotsgabetutako kristalezko kutxa erraldoi batean. Bosgarren urtez jokatuko da Bilbon finala.


Sailkapena.

 

LEHEN TXANDAREN OSTEAN.


1. Fabiano Caruana (Italia) 11 puntu.

2. Levon Aronian (Armenia) 7 pt.

3. Magnus Carlsen (Norvegia) 6 pt.

4. Viswanathan Anand (India) 5 pt.

5. Francisco Vallejo (Katalunia) 3 pt.

6. Sergei Karjakin (Errusia) 3 pt.